XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bere senitartekoak, guraso zahartuak eta anaiak emazteekin, bere andre-alargun gaztea, egunero etortzen zitzaizkion ikustaldi bat egitera, eta euria egin eguzkia egin, orduak eta orduak ematen zituzten tente, isil-isilik, begiak hormaratuan josirik.

Mututasuna, isiltasuna, atzera itzuli ezina, heriotzari dagozkion ezaugarriak hirurak, zerizkien haren begi zabaldu, letxera-mintz finez estaliei.

Gurasoak ehun urtez zahartu ziren, lehenbiziko astean, eta anaiak, beren emazteak eta haurrak ere, betiko zimurtu zirela ematen zuen.

Bera berriz, harri labainduz egindako buruko batean bezala zubiko begian bermaturik, eskaintzen zitzaion ikuskizunari begira zegoen, izpiritu bat baino urrunagoko bihurtzen zuen karezko kortinaren atzetik.

Jendea gutxitzen zenean edo inor gabe geratzean, orduan alderatzen zen Gielox inozoa sakrifizioa izandako lekura.

Han egoten zen, balditurik, zer gertatu zen ezin ulertuaren oinazetan.

Alderatzen zen poliki-poliki hormaratuarengana, limurtzen zitzaion ondoraino eta zera xuxurlatzen zion ahots itoaz: Murrax, Murrax, hark entzungo ziolakoan, eta, sinu berberak zenbait aldiz errepikatu ondoren, burua makur, alde egiten zuen.

Aikune zaharra, Zazpialdirako etorri zen: hildakoak beste munduko kateetatik askatzeko lehen saioa etsiena egiten omen duen egunerako, eta lehenengo zubi-begiaren aurrean egon zen ordutan, hitzik esan gabe.

Zaharrenen esperientzian ere ez zuten argibiderik aurkitzen gertakizun haientzat.

Igaro ziren beste egun batzuk, bazetorren hildakoaren begiak lehertzen omen ziren eguna, Berrogeialdia, eta hartan jabetu zen jendea zernolako erantzukizun latza zen, ez bakarrik familiarentzat, baita eskualde guztiarentzat ere (...).